Mendi ipuin lehiaketara aurkeztua

Aingeru egunero joaten zen Mintxetako atletismo pistara korrika egitera. Oso metodikoa eta burugogorra zen, horrelakoa izan behar zen egunero egunero mintxetako pistek daukaten 400mtan maratoia egiteko behar zituen 105,475 itzuliak egiteko. Ez buelta erdi gehiago, ezta gutxiago ere, egin beharreko neurria horixe zen. Denbora ere ondo kalkulatua zeukan, hiru ordu behar zituen egunero horretarako.

Bazekien lehenengo 10 itzulietan gorputza berotzen joaten zela, ondorengo 50 itzulitan korrika egiteaz disfrutatzen zuen. Alde berdinera bueltak emateagatik eskuineko hanka mintzen hasten zitzaion 60. itzulian eta azken 5,475 itzulietan hanketako min izugarriak edukitzen zituen arren, gertatzen zitzaiona ezagutzen zuenez, lasai zegoen. Obligazio bat bezela hartzen zuen korrika egitera joatea, gero ondo sentitzen zelako.

Zigor ere egunero joaten zen mintxetara. Zigorri ere kirolak ondo sentiarazten zion, baina beste helburu bat zeukan, Zigor egunero egunero joaten zen Munetako tontorrera.

Mintxetako aldageletan egiten zuten topo. Zigorrek Aingeruri galdetzen zionean ea zer moduz moldatu zen korrika egiten, honen erantzuna beti zen berdina, ondo, lasai. Noski, horrelaxe zen, nahiz eta erantzun horren azpian hankako minak egon, monotonia edo errutina handia, dena kontrolpean zegoenez, Aingeru oso lasai itzultzen zen beti aldageletara.

Aingeruk Zigorri galdetzen zionean, honen erantzunak denetik izaten ziren, egun batetan goian hegohaize xuabearekin Muskurutxuko buelta zoragarria egin zuela kontatzen zion, eta Sallobentera jeisterakoan Morkaikokoek txukundutako Sargoateko iturrian geldiune bat egin zuela ura edaten. Beste batean pagadian udazkeneko hosto erorien gainean Upai Goitira jeitsi zela kontatzen zion. Hurrengo batean Atxolingo pago bakarretik itsasora begira egon zela paisaiaz disfrutatuz, edo Aizkorri, Udalaitz, Anboto eta Gorbeia elurtuta ikusten zirela eta ikaragarri gustatzen zitzaiola paisaia hori. Baina batzutan hotza pasa zuela, lokatzez blai itzuli zela, edo ekaitzak harrapatu zuela eta beldurtuta jeitsi zela edo tartean zaintiraturen bat ere egin zuela kontatzen zion.

Aingeruri Munetara igotzeko gogoak tentatu arren, zaintiratueri beldur handia zien, hori zen bera Mintxetako atletismo pistetatik ez ateratzeko arrazoietako bat.

Baina egun batetan Mintxetatik atera eta Beraseta alderuntz korrika abantatu zen Aingueru. Lauan korrika egitera ohituta zegoenez, aldapa handia zegoela iruditu arren, Mintxeta goragotik ikustea gustatu zitzaion!

Hurrengo egunean berriz ere Beraseta aldera abantatu eta mendian sartuko zela pentsatu zuen, ea aurkitzen zuen Munetako tontorrerako bidea. Egia esan, espero zuen erraz aurkituko zuela Munetarako bidea, baina hainbeste bidezidor eta gurdibide ikusi zituen ez zekiela ze bide hartu. Bat aukeratu zuen, eta denboratxo bat basatan ibili ostean, berriz ere leku beretik bueltatzea erabaki zuen. Zapatillak lokatzez beteta zeuzkan, asko irristatzen zen, erori ere egin zen, denbora asko ibili zen baina oso gutxi aurreratu zuen korrika egiteko ritmoarekin alderatuta, aldapan ibiltzera ohitu gabe zeuzkan giharreak oso nekatuta zeuzkan eta gainera ez zen tontorrera iritsi!

Kitto, ez zuen horrek merezi, ez zen berea. Hurrengo egunetik berriz ere Mintxetako atletismo pistetan jarraitu zuen korrika bere 105,475 itzuliak egiten, lasai, dena kontrolpean, hankako minak ere bai.

Baina han zegoen egunero Zigor, aldageletan, bere ilusio guztiekin, bere bizipen guztiak kontatzen. Egun batetan Orkatz bat ikusi zuela, hurrengo egunean berandu atera eta frontalarekin igo zela, salamandra pila bat atera zitzaizkiola euritan bidera, hurrengoan erori eta belauna urratuta itzuli zela, edo Guenako artzaixakin elkartu eta istoriak entzuten egon zala.
Aingeruk penaz pentsatzen zuen hori ez zela beretzat.

Egun batetan aldageletan beste bati entzun zion Karakateko igoeran parte hartzeko entrenatzailea hartu zuela, sekula ez zela kirolaria izan, baina helburu hori jarri ziola bere buruari, eta hasi zela poliki poliki karakatera igotzen. Bada ezpada entrenatzailearen kontaktua eskatu zion.

Etxean buruari bueltak ematen ibili ostean, hurrengo egunean bada ezpada, entrenatzaileari deitu zion. Entrenatzailearen lehenengo galdera, ea ze zapatilla zeuzkan galdetu zion, eta asfaltoko gastatuak zeuzkala ikustean, mendiko batzuk erosteko gomendatu zion. Ondoren, nahi bazuen entrenamendu konbinatu bat jarriko ziola, sasoia ez galtzeko Mintxetako saioak mantendu, baina astean egun batean aldapak egiten hasi beharko zen. Ondoren astean birritan eta abar.

Planteamendua gustatu eta horrela hasi zen. Aldapak entrenatzen gero eta erosoago sentitzen zenez, entrenatzaileak aldapetan luze entrenatzen hastea tokatzen zitzaiola esan zion, eta Muneta aldera joatea tokatu zen halako batean. Baina biderik jakin ez! Entrenatzaileak bidea zekien norbaitekin geratzeko esan zion, eta Aingeruk Zigorri eskatu zion ea egun batetan bidea erakutsiko zion.

Zigorrek poz handiz esan zion baietz, baina ea ze bide erakustea nahi zuen galdetu zion, Elgoibarko itzulikoa, gasaren bidea, egurraren bidea, Uliren bidea, Sallobenteko sekretuetatik Upai Goitira eta ondoren Atxolinera zijoana, edo ea pagadian galtzea nahi zuen...

Ba bide normala, zer nahiko zuen ba Aingeruk! Hori galdetzea ere.

Eta horrelaxe hasi ziren jende gehien igotzen den bidetik Munetara igotzen. Haserako zatia ezaguna zitazion, baserri artetik igarotzea. Zigorrek Eusebio eta beste nekazal injineruak agurtu zituen lehenik, ondoren Agarreko sagastiak sagarrez lepo nola zeuden ikusten geratu ziren. Gereziondoak onenak emanda zeuden ordurako. Errepide gaineko larrean ardiak nola zeuden fijatu ziren. Lehenengo zati hau erosoa egin zitzaion Aingeruri, eta oso polita Zigorren esplikazioeri esker. Baina momentu batean bidezidor bat hartu zuen Zigorrek, eta bera entrenatzen ibilitako aldapak baino askoz zailagoa zen, malda gehiago, labainago...dagoeneko ez zuen ingurura begiratzen, lurrera begira zijoan. Tontorrerako zenbat falta zen galdetu zion Zigorri, eta honek oraindik herena ere ez zutela egin.

Kitto! Hau ez zen berea. Zigorri eskerrak eman eta bere buruarekin dezepzionatuta behera jeitsi zen. Oso gaizki sentitzen zen, gainera Zigorri eskatu bidea erakusteko, eta ezin. Entrenatzaileak ere ez du asmatu ni prestatzen, hori nik ezin dudalako da pentsatu zuen Aingeruk bere barrurako. Zergaitik ez nintzen inor mareatu baino lehenago ohartuko hau ez dela neretzat! Banekien barren, konklusio horretara iritsi nintzen bakarrik hasi nintzenean Berasetara joaten! Esaten zion Aingeruk bere buruari, latigoarekin zigortzen zuen bitartean.
Ni lasai bizi nintzen Mintxetan 105,475 itzuliak egiten, eskuineko hankan mina eduki arren! Gainera, lagunak Mintxetako tabernan egoten dira, eta ondoren beraiekin kafe bat hartzen dut, eta horixe da nere bizitza. Zergaitik enredatu neretzat eginak ez dauden gauzak egiten saiatzen? Lan gehiegi eskatzen dit honek!

Hurrengo egunean 105,475 itzuliak korrika egin ondoren Mintxetako tabernan kafea hartzean, lagunek galdetu zioten ea nondik ibili zen, aspadian ez zutela bere berri. Aingeruk Munetako ilusioa kontatu zienean eta ondoren bizitako dezepzioa, ea merezi ote zion galdetu zioten lagunek. Tabernan biltzen zirenen aldean kirolari apartena zen Aingeru, bizitza beste era batetan betetzen zuen, beraien aldean bizitzan helburuak zeuzkala eta mintxetan korrika disfrutatzen zuela ikusten zuten, eta lagunek ez zuten ulertzen nola ez zuen nahikoa horrekin. Are gehiago ikusita ze frustrazio sortarazi zion mendira joateko saiakerak. Lagunek babestu nahi zuten, baina agian itotzen ari ziren. Aingeruk ez zien esplikatu ze ilusio transmititzen zuen Zigorrek. Zigorren bizipoz hori, eta bizitzaz, mendiaz eta naturaz disfrutatzea nahi zuen Aingeruk ere, beti gustatu izan zaiolako natura. Baina frustrazioari beldur handia zion, eta lagunen mezuek etsitzera eraman zuen. Entrenamenduen ordutegia ere aldatu zuen Zigorrekin ez topo egiteko, inbidia gehiago ez pasatzeko. Onartzea nahi zuen hori ez zela beretzat.




Baina ordutegia aldatu eta muskurutxura begiratu gabe entrenatzea ez zen nahikoa. Bazeukan barruan har bat, eta har hori berriz ere hazten joan zen. Har horrek esaten zion berak ere igo ahalko zuela Muneta, bera ez zela inor baino gutxiago, are gehiago, kirolean maila aparta zeukala.

Berriz ere lehengo orduan entrenatzen hasi zen, eta berriz ere Zigorrekin topo egiten hasi zen aldageletan. Munetara igotzeko bide ezberdinak zeudela kontatu zion Zigorrek, eta nahi bazuen hurrengoan pistatik igoko zirela proposatu zion.

Ez zeukan bere buruan konfidantza nahikoa eta entrenatzaileari deitu zion berriz ere. Berriz ere maldak entrenatzen hasi zen eta iritsi zen udaberriko egun garbi eta epel horietako bat.

Zigorrekin geratu eta abantatu ziran mendiruntz.

Eusebio lurra lantzen hasia zegoen jada. Inguruan zeuzkan injineruak negutegitxoa konpontzen. Arkumeak jaiota zeuden Agarreko zelaian. Karakateko sekretu guztiak ezagutzen dituen Guenako artzaia zegoen handik ardiekin, hizketan egin ondoren aurrera jarraitu zuten. Beheko iturritik ur pila bat zetorren, udaberri oparoa zen, zuhaitzetan hostoak hazten. Hizketan zijoazen Zigor eta Aingeru, eta konturatu ordurako Sigma azpian ikusi zuten, eta Moru parez pare. Ingurura begira oharkabean agertu zen antena itxusi hori ere, nahiz eta gaurkoan ez zirudien inondik inora itxusia. Gerturatzen ari ziren tontorrera. Barrenean Anboto, Untzillatx, mendiak agertzen joan ziren. Aingerurentzat bista horiek ikustea ikaragarria zen, dominazio sentsazioa ematen zion Eibar azpian ikusteak. Ez zijoan tontorrean pentsatzen, momentuaz disfrutatzen ari zen. Zigor ixilik zijoan Aingeruren aurpegira begira. Ez zuen Aingeru bizitzen ari zenaren traba izan nahi. Iritsi ziran goiko iturrira, ur fresko trago bat hartu, eta azken metroak falta zitzaizkien. Han hasi ziran agertzen Krutzebarri, Aloña, Aizkorri... Udaberriko hego haize egun epel bat tokatu zen, inbertsio termikoa zegoen, goian askoz giro hobea zegoen behean baino.

Tontorrerako azkenengo metroak egin, eta tontorrean exeri ziren hegoaldera begira. Barren barrenean Aratz ere ageri zen. Horrelako egun baten bila joanda ere ezingo zuten eguraldiarekin asmatu, ikaragarria nolako eguna zegoen!

Atxolin, Hirukurutzeta, Erlo, Gaintxipixa, itsasoa ere ikusten zen! Arno, Kalamua, Urko, Durangalde osoa...

Estasian zirudien Aingeruk. Egia esan eguna ez zen gutxiagorako! Minutu batzuk paisaiaz disfrutatzen egon ziren biak, ixilik, txorien udaberriko kantuak entzuten zituzten bitartean.

Baina oraindik sorpresa txiki bat eman nahi zion Zigorrek Aingeruri. Gainetik metro batzuk joan ziren Atxolin alderuntz, eta behera begiratzeko esan zion. Azpian, oso behean, lekutan ikusten ziren borobil urdin handi bat eta txiki bat, eta atzean berdegune bat eraztun gorri batekin. Mintxeta zen! Han, zuloan!

Aingeruri tripek buelta eman zioten. Pentsatzea ere han behean entrenatzen zenbat eta zenbat buelta eman zituen, eta besterik ezagutzen ez zuenez, harekin konformatzen zenbat denbora egon zen. Pentsatze hutsak bizitza osoa han pasatu ahal zuela, Munetako edertasunaz disfrutatu gabe!

Gainera, ohartu zen Munetako tontorrerako bidea ez zitzaiola batere gogorra egin tontorra ez zuelako momentu batean ere buruan eduki, igoeraz disfrutatzen joan zelako, alegia.

Fin







Mamuak uxatu eta bizitzako egun guztiak bizi nahi dituzten guztieri eskainia.

Ez dizuet ukatuko ipuina oso originala ez denik, baina ipuin hau lehenengo saria irabazteko idatzi nuenik ere ezin ukatu. Orain, egia esan, ez dakit saritua izango den ere, kar kar kar

Iruzkinak