Elurrak goxo har zaitzala, Jorge

Ostegunero zure elur eta elurjausi arriskuen partearen zain egoten ginen astebukaerako irteera definitzeko. Sarri, egoera nahasia zenean, ostiral goizean beste parte bat bidaltzen zenuen eguneraketekin.

Jakintza, ikasteko obsesioa eta dedikazioa zeneukan, etengabe elikatzen zenuen zure https://lameteoqueviene.blogspot.com/  blogean. Aragoiko bailaraz bailarako partea ematen zenuen, bertako orografia inork baino hobeto ezagutzen zenuen eta parte meterologikoarekin konbinatzen zenuen, informazio oso baliagarria denon eskura jarriaz. Eta hori eguraldiarekiko jakintza era autodidaktikoan jaso omen zenuela,  Zarautzera surf egitera etortzen zinenetik.

Ondoren etorri ziren Rutas con esquís Pirineo Aragonés zure liburuak. Ibilbideak Blogean ikusi arren, libuurak erosteak merezi zuen, zalantzarik gabe. Bazeuden mendi eskiari buruzko liburu batzuk, baina kolekzio honek guztiz aldatu zuen ordura artekoa. Ibilbide ezberdinak eta alternatibak mapa, argazki eta detalle guztiekin.

Oker ez banago, ondoren geldialdi bat egon zen, aipatu zenuenez, oposaketak prestatzeko. Pediatra que no meterologo.

Ordurako elikadurari buruz aipamenak egiten hasia zinen, eta ondoren elikaduran asko sakondu duzu. Karbohidratoak eta urdaia parez pare jarriaz.

Ez gara ezagutu. Beno, nik zu bai. Mendian hiruzpalau aldiz elkartu gara, eta beti agurtu izan zaitut esker onez. Neretza maisu bat izan zera, eta sare sozialen bidez izan bada ere, bidelagun bat ere konsideratu izan zaitut.

Mendian asko ibiltzen nintzenean, mendiko ibilbideak, elurjausi arriskuak eta abar, zuri esker prestatzen nituen... Astebukaera batzutan mendian eskiekin buelta bat ematera bakarrik joaten banintzen, zuk blogean egindako azken irteera egiten nuen, argi nuelako jende askok jarraitzen zuela eta ibilbide horietan jende asko egongo zela. Eta horrela izaten zen, horrek bakarrik joatearen arriskua gutxitzen zidan.

Azken urtetan nere bizitzak aldaketa handiak egin ditu. Aitatasunaz gain, orain elikadura mundura pasa naiz, semi profesionalki. Orain mendira joateko denbora urria da, baina halere, sare sozialetan asko jarraitzen zaitut, gure aliatu oso garrantzitsua zarelako berriz ere.

Elikadura industriala eguneroko pozoi txikia da. Kausa-efektua ikusteko denbora asko pasatu behar da, baina zuri esker, guk intuitzen duguna ikerketa zientifikoen babesarekin erakutsi duzu. Elikadura ekologikoaren garrantzia azpimarratu duzu, adibidez, arraultza ekologikoena. Eta azken aldian nekazaritza birsortzailea ere balioan jartzen ari zara. Gu ere bide horretan gabiltza, ekologikoaren ondorengo pausu naturala dena guretzat, birsortzailera bidea egiten. 

Nere bizitzan aukeratu dudan bide berri hau iraultzailea dela iruditzen zait, industriak etengabe bonbardeatzen ditu kontrako mezuak, zuri ere gertatu zaizu beste mediku batzurekin, guri ere sarri gertatzen zaigun moduan. Eta halere hor jarraitu duzu ikertzen eta ondorioak publikatzen.

Galera handia izango da. Oraindik egiteko bide asko dago. Badauzkat erantzun batzuk argitu gabe, eta egunen batean argituko zenituela pentsatuta nengoen. Badaude beste mediku eta erreferente batzuk ere, baina zentzu batean umezurtz geratu garen sentsazioa daukat.

Edozein kasutan, egin duzun dibulgazio lana izugarria izan da, beti borondate onenarekin, jendearen osasuna zainduaz, kirola era seguru batean egitera animatuz, elikadura mitoak edo interesak desmontatuz, eta jendeari elikadura osasuntsu bat eskaintzen saiatzen garenon lana balioan jarriz.

MILA ESKER URTE GUZTI HAUETAN LAGUNDU DIDAZUN GUZTIAGATIK ETA ZURI ESKER IKASI AHAL IZAN DUDAN GUZTIAGATIK .

Elurrak goxo har zaitzala Jorge.

Oraindik gauza asko egin behar ditut, baina egunen batean, berriz ere eskiatzen topo egingo dugu. Egun handira arte!! 

Iruzkinak